Herriko Etxeko agiantzak Kanbo
Herriko etxeko agiantzak :
Urte hastapen honetan, usaiako gomita helarazia zuen Jaun auzapezak herriko hautetsi, langile, elkarteetako lehendakari eta bertze administrazioko arduraduneri. Eta denak elagarretaratu dira, urtarrilaren 8an, ez herriko etxean bainan berriki estreinatua izana den Musikaren etxean. Azken honen barne berrituak ikus ditzaten kanboarrek. Klika eta Harmoniako musikariak eta Arragako kantariak entzun dira lehenik. Ondotik Vincent Bru auzapezak, ongi etorri erran eta etorria zen Daniel Poulou deputatuari, egin du bere mintzaldia. Urte ona desiratzeaz gain aipatu ditu joanden urtean egin obrak eta berriak ekarriko dituen aldaketak. Joanden urteko gertakari nagusia izan da hiru obra nagusien bururatzearen estreinatzea : kiroldegi berria, musikaren etxea, ur zikinen tratatzeko tokia. Mixel Labèguerie zenaren omenez antolatu eguna ere azpimarratua izan da. Euskal Kultur Erankundearen laguntzarekin antolatua izan da egun hori. Denek gogoan dugu oraino arratsaldeko kantaldi ederra eta goizeko elgarretaratzea, San Josep Parkean, Mixel Labèguerie-ren omenez zizelkadura eder bat estreinatzen zelarik.
2006 urtean zer izanen den ere erran dauku Jaun auzapezak. Bixtan da denetan aipatzen den Frantziako Tour-az hasi dela. Uztailaren 12an, etapa bat (Kanbo-Paue) gure herritik hasiko da. Herri guziaren parte hartzea espero du Vincent Bru Jaunak ekitaldi nagusi horren ahal bezain ongi iragaiteko eta baliagarri izaiteko guzientzat. Egun berean, Arnagako baratzeetan eta aratsarekin, su ikusgarri berezi bat emana izanen da Edmond Rostand-ek sortu egoitza horren eraikitzearen 100garren urtemugaren ospatzeko : 1903 eta 1906 artean egina izan baita Arnaga. Besta egun horietatik berriz egun guzietako errealitatera itzuli da auzapeza etxebizitzaren arazo latzaz mintzatzeko. EPFL erakunde publikoan sartu da Kanboko herria jakinez azken honek ez duela arrapostu herabe bat baizik ekarriko. Kanbon, heldu diren bi urteetan, 50 egoitza sozial (HLM) eraikiak izanen dira : 30 Iguzkian kartierrean, hilarrietako ondoan, eta 20 Azantza etxaldeko lurretan, Marienia etxeko ondoetan. Gainera 20 lur eremu salgai izanen dira Kanboar gazteentzat. 2006 urtea izanen da ere POS-etik PLU-ra pasatzeko urtea. Lur eremu antolaketaren berrikusteko parada ukanen du herriak eta hiriaren jendetzearen emendatzea lagundu nahi badu ez du nahi nola nahika eraiki diten jende bizitza kolektiboak, ingurumena eta biziaren kalitatea kondutan hartu gabe. Bertze proeiktuetan, herriko zerbitzu teknikoentzat aterbe egoki baten eraikitzeko nahia badu herriak. Hortako lur eremu bat erosia dut SNCF-ari, behereko plazan, geltokiaren ondoan. Toki horretan bilduko dira zerbitzu teknikoak osatzen dituzten herriko langile gehienak beren materiala, tresna, kamioi eta autoekin. Bakarrik egonen dira hiri erdian baratze eta gune berdeetaz okupatzen diren langileak. Hiri erdiaren berrantolaketak ere bertze urrats bat ezagutuko du aurten : trinketeko ondoetan eta Terrasses karrikan obrak laster hasiko dira bazter horien erreberritzeko, bidea sentsu bakarrean ezarria izanen delarik herriko etxetik elizarat. Laborde bide kurutzea ere itxuraz aldatuko da : ingurugune bat egina izanen da hemen. Obrak hasiko dira Tour-a pasatu eta. Gazteen aspaldiko galde batek erantzun bat ukan behar luke urte berri honetan. Hori entzuterat utzi du Jaun merak erranez kiroldegi berriari esker libratu barne batzu badirela eta horien baliatzeko gogoa gaztetxe batentzat baduela. Uraren doziera ere beti aktualitatean izanen da aurten. Hodi guziak garbituak izan dira uraren garbitasunaren segurtatzeko. Orain herriko etxearen xedea da Urtsumendi eta Itsasuko ura emaitea hodi horietan, kanboarrek ukan dezagun hemengo ur ona gure errobinetetan. Kasinoaren afera ez da ahantzia : aurten herriko kontseiluak hautatu behar luke kanboko kasinoa kudea lezakeen enpresa. Kasino bat ba omen da ur hiri guzietan eta Kanbok ez du besteak baino apalago izan nahi. Aspaldian aipu den Kanboren desbideratzea ekialdetik, termetatik Itsasuko bidera heltzeko hiri barnean pasatu gabe, laster egina izanen da. Obrak aurten hasiko dira eta bururatuak izanen dira 2008 urtearen hastapeneko. Bere mintzaldia bururatzean Jaun auzapezak aipatu du herri elkargoan izanen diren aldaketak. Orain arte ezagutzen ginuen Errobi herri elkargoa, bederatzi herri biltzen zituenak, desegina izanen da eta tokia utziko dio 11 herri bilduko dituen elkargo berri bati.
Bere mintzaldiaren ondotik, Kanboko herriak ohoratu ditu herriko kirolari batzu. Lehenik Sanzberro bi anaiak, auto lasterketa horietan egin dituzten balentrientzat. Herriak eskaini trofeo eder batzu ukan dituzte. Ondotik, Sukil’hand elkarteko neska gazteen eskubaloi taldea eta beren lehendakaria den Faure Jaunari kopa eder bat eskaini die kirol batzordeko buru den René Zavaleta Jaunak Azkenik, hiru Kanboar ohoratu ditu herriko medaila eskainiz. Kultura arloan egiten duten lanarentzat ohoratuak izan dira hiru kanboar horiek. Lehena da Robert Poulou, Hazpandarra sortzez bainan Kanbon bizi dena aspaldian, Arnaga etxeari lotua den eiheran. Arnagako adixkideen elkartearen lehendakaria da eta Euskal Herriko arte munduarekin baditu lotura ainitz, bere denbora pasa gustagarriena baita hemengo artisten obren biltzea eta atxikitzea. Bigarrena da Claude Dendaletche, gehiago presentatzen ez den Unibertsitateko erakasle eta idazle jakintsuna. Besteak beste baditu bi liburu agertuak bi Kanboar artista ezagunetaz : Pablo Tillac eta Jesus Echevarria. Hirugarrena da Benat Garat. Herria kaseta eta Gure Irratiko berriketari, AEK-ko erakasle izana, besta komiteko lehendakari ere, eta Herriko Dantzak elkarteko lehendakari dena. Sail horietan egin edo egiten duen lanarentzat ohoratua izan da.