Errobi Ikastola
Errobi ikastolaren 30 urteak : (argazkiak galerian)
Ekainaren 12an, ospatu dute urte betetze hori ikastolako haur, burraso eta laguntzaileek. Egun berean estreinatzen zuten ikastolarentzat eraikia izan den bastimendu berri bat, herri elkargoaren laguntzarekin. Barne berrien bisita, ikastolako haurrek eman antzerki pollita, arduradunen mintzaldiak, aperitifa, bazkaria Ezpeletako Txarangak alegeraturik, goizik hasi eta frango berant bururatu da besta egun goxo hori. Horra ikastolako ikasle ohiek moldatu bertsuak 30garren urtebetze horrentzat :
Errobi ikastolak 30 urte ( Doinua : Zazpiak oihal batetik ) Euskal Herrian Euskara maila galtzeraino zen jautsia Ikastolak du apaltze hori behin betikotz hautsia Baldintza denak hobetzea da gur’helburu nagusia Biharko haurrek ukan dezaten guk ukan dugun guzia.
Ezpeletako eremuetan hasia zuen kontrola
Eta Kanborat hedatua du bere Euskaldun odola
Hogoita hamar urte hauetan bizi baita ikastola
Gure indarrez atxik dezagun mendeetan zehar hola.
Guk zortzi urtez jasan ginuen sekulako garapena
Lehenik Kanbon, plaza ondoan, mobil-home-etan ginena
Eta desegin berria duten etxola zen bigarrena
Orain“zaharra“deitzen dutena, izan ginuen azkena.
Erakasleak ere hainbeste, denboran zirenak gazte
Liliane, Luixa, Janine, Maialen,... baziren besteak beste
Euskara lantzen ta erakusten pasaturik hainbat aste
Haiek gurekin egin zutenak, fruitu eman du gaur arte.
Ehunta lau dira gaurregun, adin denetatik biltzen
Eta Errobi ikastolako taldea zaigu haunditzen
Gure pausoa egin ondotik, biziak baitu segitzen
Hainbat urteko oroitzapena bihotzean da gelditzen.
Kasu emanez, denen laguntzaz, ikastola da biziko
Ikasleentzat den bitartean guk ez baitugu etsiko
Bainan biziak sorpresa onak ote ditu ekarriko ?
Agian gure seme-alabek hemen dute ikasiko.